XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ezbeharrean zorion

Pako Aristi

Gaur egun ez dakit jarraitzen duen, baina lehen bazen, irratiren batean, Ezbeharrean zorion izenburua zeraman programa bat.

Gaisoei eta edadetuei animoak ematea zen bere helburua, eta horretarako eskumin, zorion eta goraintziez betetako telefono deiak eskaintzen ziren ezbeharrean zeudenentzat.

Gisa honetako konsueloak benetan motz eta hotz gertatuko gaizkio minez akabatzen dagoenari, zoriona, beste gauza batzuen artean, minik ez edukitzea bait da, baina badira ezbehar ttikiagoak, benetan zorionera garamatzatenak.

Hondartzara sartzen garenean, udak duen mikro-ondas erraldoi eta kiskalgarrian, oso lagungarria gertatuko zaio aker asegabeari, 15etik 40ra bitarteko gizonezkoari alegia, miopia zerbait edukitzea bistan.

Ondoegi ikustea oso kaltegarria gerta daiteke hondartzan, eguzkiak erretzea baino kaltegarriagoa.

Miopiaz ez da konturako auzoko neska granodunak zein bular jaiki eta borobilak dituen, ez du inbiriarik sentituko kafea hartzen duen tabernako barmanaren sorbalda muskulatuaz.

Edo ez da arratsalde osoa musuka ari diren haietako baten lekuan egoteririk nahiko.

Liburua jaso begi ondora eta zoriontsu izango da bere buruarekin gustora egonaz.

Gorrerian aurrera eta urteetan aurrerago doan edadetuak ere izango du zorionerako motiborik.

Ez ditu entzungo umeen kurriskak hondarra sartu zaielako begietan edo albokoak bezala heladua nahi duelako, eta are gutxiago ernegatutako emakumeen kritika orokorrak edo lendabizikoz gurasorik gabe hondartzaratu diren gaztetxoen inozokeriak.

Langabetuak ere suertekoak gertatzen dira; ez daukate bikoteari belomarean orduerdiko bira soso horietako bat ordaindu beharrei, eta gutxiago lagunei erronda kantinan.

Tripatxoa duenak ez dauka hondartzako mutur batetik bestera pasiran ibili beharrik, urteko gimnasio orduak erakusteko eta aho zabalik gelditzen direnengan konpensazioa aurkitzeko.

Pakea.

Mila modu daude ezbeharrean zoriontsu izateko, udak denak erakusten dizkigu bere gordintasunean.